Ele-alea irratsaioa: Andoni Aizpuru
Andoni Aizpuru: "Badakit hizkuntza bat ikastea ez dela erraza. Ni erdaldun berria naiz, ingeles berria eta frantsez berria ere bai"
Andoni Aizpuru izan da Euskadi Irratiko Ele-alea irratsaioko
gonbidatua. Azken hamasei urtetan ETBko eguraldi-saioak aurkeztu ditu
baina aurretik euskara-irakasle izandakoa dugu Pasaiako eta
Errenteriako Udal Euskaltegietan. Garai haiek ekarri ditu gogora.
Hona hemen elkarrizketaren idatzizko eredua irakur dezazun:
X. S.- Andoni Aizpuru, Bilboko Estudioetan zaude. Ongi-etorri, e! ANDONI AIZPURU.- Bai, eskerrik asko berriz, Xabier.
X. S.- Oraintxe egin berri duzu eguraldiaren iragarpena. A.A.- Bai, ez da denbora asko.
X. S.- Aizu, Andoni, eta zer eguraldi iragartzen diozu euskarari? A.A.- Nik euskarari beti ona esango nuke itxaropenaren edo esperantzaren on hori, ezta, alegia, batzuetan hodei beltzak ikusten ditut, ez dut ukatuko, itsua ez nuke izan nahi, baina beti geratzen zait itxaropena, ez, beti egongo dela jendea prest, ez dakit, laino guztien, nola izaten da hori?, laino guztien azpitik eta sasi guztien gainetik egingo duena gure hizkuntza honen alde, ezta? Egin beharra dago, egin genuen garai batean eta oraindik ere hor ari gara, ezta? Gaur egun, ogibide bihurtuta, eta horretatik bizi gara, bueno, euskaraz egiten dut nik lan, zorionez, baina nik uste dut gero ere izanen direla, ezta, gure hizkuntza maitatuko dutenak, erabiliko dutenak, eta horregatik, esperantzaren zera horrekin, kolore bixi horrekin edo polit horrekin ikusten dut nik euskara.
X. S.- Gabiriakoa jaiotzez, baina ez zara Gabirian bizi...? A.A.- Ez ba, ez ba, ez ba. Niri orain, bueno, seme-alabek esaten didate, ezta: "Zu, zu, aita, ez al zara Elorrixokoa? Zuk beti esaten duzu Gabiriakoa zarela...". Eta nik esaten diet: "Ni Gabiriakoa naiz eta izango naiz beti". Beste gauza bat da orain azkeneko dozena urte honetan Elorrixon bizi naiz, oso gustura, oso herri polita da. Bizkaira joatekotan ez nuen aukera txarra egin, e, Gabiri bezain polita ez da baina nahiko hurbil dago.
X. S.- 45 urte beteta, eta euskara irakasle izan zinen zortzi urtez Errenteria eta Pasaiako Udal Euskaltegietan. A.A.- Horixe da, horixe da. Nik, berez, Magisteritza ikasi nuen; Magisteritza ikasten ari nintzenean ere Donostian eman nituen beste eskola batzuk, e, bai Aurrezki-kutxako jendeari, bai gaueskoletan, baina Magisteritza bukatu eta soldaduskatik libratu nintzen, zorionez, eta orduan Pasaian Udal Euskaltegia sortu berria zen, han egin nituen hiru bat urte, eta gero Errenterian, Udal Euskaltegian han ere, beste bost bat urte, eta gero handik telebistarako salto xelebre hura, eta hamasei daramatzat hemen, tontamentian.
X. S.- Zein zen zure metodoa, Andoni? Zertan jartzen zenuen ahalegin berezia? A.A.- Nire metodoa... Bueno...
X. S.- Irakasterako garaian, e? A.A.- Bai, bai, bai, orduan... Deitu zenidatenean honetarako, ezta, zuen saiorako, pixka bat hizketan aritu ginen Xabier Unanuerekin, eta esan nizuen: "Jo, orduan, garai hartan, material eskasia izugarria zegoen." Hor Kikeren txiste bat entzun dut, eta baziren kasete batzuk, Txisteka-Misteka, berak eta Galarragak kontatzen zituztenak, eta orduan euskaraz zegoen materiala nik uste dut ia dena erabiltzen genuela, Euskal Telebista ere hasia zen ordurako, eta serieak hartzen genituen, Euskadi Irratiko hainbat pasarte erabiltzen genituen, abestiak... Materiala, HABEk ordurako ja argitaratua zeukan materiala, ezta, fitxa berezi batzuk, urraska banatuta, baina beti zegoen gehiagorako premia eta beharra, ez? Eta orduan, sortu ere, asko sortzen genuen. Egunkaria, Euskaldunon Egunkaria sortu zenean ere, guretzako hura izugarrizko materiala zen, zeren, bueno,hura benetako zera zen, Argia eta horrelakoak erabiltzen genituen, baina metodo onena... Gainera, nik Pasaia eta Errenteria aipatu dut, Errenterian kanpotik etorritako jende asko zegoen, haien ondorengoei euskara maitatu ez dakit, baina bizitzen ikastea zen gure metodoa, eta jende asko etortzen zen pixka bat "ba, instituturako ikasteko, lanerako ikasteko...", eta gure ahalegina gehien bat izaten zen: "E!, hemen herri bat dago." Erakutsi, ibili, ibili Euskal Herrian, Iparraldera eraman genituen, eramaten genituen, Ordizira, ferira... Pixka bat murgiltze metodo hori niri asko gustatzen zitzaidan, ez, ahal bazen behintzat, eta batzuekin lortu genuen.
X. S.- Horrela esanda, polita ematen du. Ematen du euskaraz ikastea errekreora joatea bezala, ezta, ba hara eta hona ibiltzeko, baina Jabier Muguruzak pasa den astean esan zigun aditzak ikasi beharra, eta horrelako gauza batzuk bazirela, bere ustez, jendea erakarri ordez, beldurtu ere egiten zutenak. A.A.- Seguru, seguru baietz. Begira, nik urte horietatik guztietatik badaukat pixka bat gogoan... bueno, ikasle asko izan nituen nik, gainera, azkenerako bakarren bat gorrotatzen nuen, ez, berak ni bezala, baina gehienak, ikasle gehienak nik maite nituen, ezta, eta izan nituen talde pare bat, edo gehiago, egunean bost orduz, zortzi eta erdietatik eguerdiko ordu biak arte, ikastaro trinkoak deitzen ziren haietan, bost ordu eta erdiz euskaltegian egoten zirenak. Eta orduan, horiekin, ez zegoen bost ordu eta erdietan aditza ikasi eta ikasi, eta nor-nori-nork eta baldintza eta subjuntibo, joder..., ez zegoen aritzerik. Eta orduan, tarte batzuetan, ariketa gramatikalak egiten genituen, baina beste batzuetan aipatu dudana, Ordiziako ferira ere joan ginen eta ateratzen ginen, sagardotegira joan behar bazen, sagardotegira. Orduan, "ekintza osagarriak" deitzen ziren haiek (oso hitz polita da hori, e, "ekintza osagarriak"), eta horretan, zaku horretan sartzen genituen beste hainbat gauza, ez, eta besteak bezain garrantzitsuak, ze ez da..., gramatika ikastearekin ikaslea hor geratzen da, ezta, beharbada asko daki baina gero hori erabili egin behar da, eta hori gainera, herriko euskararekin uztartzea da polita, ezta, eta hori lortzen duten ikasleek, horiek egiten dute aurrera, benetan horiek euskalduntzen dira, ez teorian geratzen direnak, noski.
X. S.- Irakaslea zinela zer ikasi zenuen zuk? A.A.- Nik? Ba, hizkuntza bat ikastea ez dela erraza. Ni erdaldun berria naiz, eta ingeles berria naiz, eta frantses berria ere bai, ezta? Oso eskasa, gainera. Eta orduan, ni ikasle naiz eta izan naiz, eta orduan, hizkuntza bat ondo ikastea zein zaila den. Ez dut uste euskara besteak baino askoz zailagoa denik, hori nik uste dut nahiko topikoa dela, ez da hizkuntza erraza izango, ziur aski, baina hizkuntza ikasteko ordu asko sartu behar dela eta gogoa ipini, eta... Bueno, berezko erraztasun bat ere jendeak badu, eta batzuk berehala ikasten dute, nik horiek miresten ditut, baina niri behintzat beste hizkuntza batzuk ikastea asko kostatu zait.
X. S.- Andoni, esan duzu garai hartan materiala zegoena zegoela, baina musikak asko laguntzen du euskara ikasteko, ez? A.A.- Bai, bai, bai, abesti hau ere han zegoen HABEKO, ez dakit, zenbatgarren...? Abesti hau nahiko... letra nahiko oinarrizkoa da, hitza, eta orduan erabiltzen genuen hutsuneak betetzeko, eta gainera kantu barregarri samarra da, ezta? Eta orduan, Furra-furra jarri eta gainera jendea erdi dantzan hasten zen eta, bai, erabiltzen genuen, eta beste hainbat abesti, e? Hor, hasieran, Mikel Laboa entzun dut eta Mikel Laboaren abesti mordo bat, Xabier Leterenak, Ruperrenak... Begira, Atxagaren letra bat aipatu duzu eta... Bai, bai, bai, abestiak, beti ere, musikak asko laguntzen zuen eta hizkuntza landu eta... "Bueno, ba konparatiboa lantzeko abesti hau jarriko dugu, ergatiboa lantzeko beste hau...", eta askotan erabiltzen genituen abestiak, bai.
X. S.- Andoni, zuk aipatu duzu musika material gisa erabiltzen zenutela, eta saio honetan, Ele-alean, ere HABEk prestatzen du astero kantu bat, eta astero kantu horri buruzko ariketatxo bat egiten dugu, neurri batean euskara ikasten ari diren horiei zuzendua edo gozatu nahi duenari zuzendua behintzat. A.A.- Primeran.
X. S.- Kantu-kontari deitzen diogu tarteari, eta zu euskara irakasten aritu zinen garaikoa da, Andoni, 87-91 tarte horretan, Delirium Tremens taldea aritzen zen.
A.A.- Ikusi eta ikasi!
X.S.- Eta horixe, zuk esan duzu: "Ikusi eta ikasi."
X.S.- "Ez pentsa ezeren beharrik daukazula heltzeko hire helmugara." Nola konponduko zenuke zuk hori, Andoni?
A.A.- Bueno, Delirium-ekoek pena pixka bat ematen didate. Hauek punkie samarrak ziren eta nik uste dut, beharbada, baita nahita ere behartuko zutela hizkuntza, desberdin esateko eta, ez? Baina ez pentsa horrek, -ela horrekin, ez dakit biok oso ondo ezkontzen diren, ezta, "ez pentsa ezeren beharrik daukazunik heltzeko zure helmugara." Ika eta zuka nahaste hori... Bazegoen gainera gure garai hartan jendea pixka bat ikako hitanoa edo, noka edo toka hitz egiteko, ez dakit, izugarrizko grina zeukana. Gu txikitatik izan garelako ika eta zuka, baina ez da erraza zera horiek hartzea, erregistro horiek hartzea eta tarteka nahastu eta..., bueno, gertatu izan dira horrelakoak, bai, eta gainera garai batean gehiago, orain askoz gehiago zaintzen dira abestien hitzak.
(...)
X.S.- Lehen horri buruz zerbait hitz egin dugu, Andoni, baina euskaltegi garaiko ariketa konkreturik? Esaten duzu kanpora joaten zinetela, eta gauza, bueno, arnasberritzen saiatzen zinetela, ez, barru-giro horretatik ateratzen. Baina baduzu ariketa konkreturik gogoan?
A.A.- Gogoan, gogoan..., ez bat horrela, zehatza. Gogoratzen naiz, nik garai batean EGArako ikastaro bereziak ere eman nituen, hau da, euskaldun zahar jendea, asko gainera euskaraz lanean ari zena baina EGAko jauzi hori falta zitzaiona, ezta, hau da, azterketa gainditzea, eta hor baziren Atariko Froga bereziak, ez, geuk ere askotan, irakasleok, begira egin behar izaten genuen, atzeko liburuxkari begiratu behar izaten genion, hain juxtu ere, "itxon pixka bat, itxoin pixka batean"... Eta orduan ez zen erraza izaten, hutsuneak bete, aditzak jarri eta horrelako ariketa berezi samarrak, ez, baina bat zehazki, ez, ez, mordo bat izaten ziren, mordo bat, bai.
(...)
X.S.- Eta, Andoni, zuk izan duzu aukera garai bateko euskaltegiko zure harremanak mantentzeko? A.A.- Ez nahi adina, e, badakizu... Nik, gainera, hamasei urte daramatzat zeretik kanpo, euskaltegitik kanpo, hemen, Euskal Telebistan. Orduan, oraindik ere tarteka ikusten ditut irakasle eta ikaskide batzuk, kalean, edozein egoeratan bakarren bat ikusten dut. Ikasleren bat ere azaldu izan zait, eta oraindik ezagutzeko gauza naiz. Ni aurpegietarako nahiko ona naiz, "badakit hori nire ikaslea izan zela". Ja izena nire disko gogorrean ateratzen hasten naizenean tarteka-marteka ateratzen zaizkit izenak, baina gero, harreman zera hori, batzuekin gehiago, besteekin gutxiago, baina badakizu, gero berriak egiten dituzu eta ez da erraza izaten. Baina ez dauzkat ahazteko, e? Gainera, aipamen bat, Xabier, aipatu duzunez, nire hasierako garai haietan, Pasaiako Udal Euskaltegian bazen irakasle bat, Inaxito Albisu, izugarri lagundu ziguna, ez dakit, euskara irakasle izaten nolabait, ez, harro egoten horretaz, eta hori bai aipamen berezia egin nahiko niokeela Inaxitori. Irakaskide asko izan ditut, eta orduan bakarra aipatze horrek, badakizu, aipatze hori ez dela batzuetan polita geratzen, baina Inaxito Albisu izugarrizko tipoa zen. Badakit pattal samar dabilela, eta berak ere izugarrizko ahalegina egin zuen. Euskaldun berria zen bera, eta gero irakasle aritu zen, eta Inaxitorekin askotan akordatzen naiz, eta gero, besteekin, ba tarteka ikusten ditut, eta oraindik ere tarteka behintzat badut harremana, bai.
X.S.- Ba gure partez ere Inaxitori agur berezi bat. Entzun dugu zurrumurrua, zabaldu, akordioa eta aukera izan hitzen hiztegi bat, eta orain hitz horiek buruan izanda, entzun dezagun Di-da saioko pasartea.
(...)
X.S.- Andoni, nork irabaziko du? A.A.- Ni aspaldi ikasle sentitu gabe nengoen. Ez zenidan esan, Xabier, hau azterketa izango zela.
X.S.- Ez, ez da azterketa, e? Jolasteko modu bat. A.A.- Lasai, lasai, baina eskerrak erne samar nengoen ze bestela... Ba, zuzendariengana joango da diru gehiena, ez? Ustez hori ulertu dut behintzat, oso oker ez banago.
X.S.- Ea ba zer dioen Estherrek.
(...)
X.S.- Jo, Andoni, ni ez naiz Inor zuri nota jartzeko, baina gaur behintzat esan dezakegu gainditu duzula, e? A.A.- Eskerrik asko.
X.S.- Beharbada, zure ikasleren bat harro egongo da zutaz eta esango du: "Hara!" A.A.- Ez dakit, ez dakit, bueno, ez litzateke txarra izango, "harro" ez dakit baina nik uste dut ikasleekin kimika ona lortzen nuela gehienekin, guztiena guztiz ezinezkoa da, eta ni ere oso-oso gustura sentitzen nintzen ikasle askorekin, beraz, bueno, hor bazegoen feedback moduko bat eta ez dut baztertzen. Orain telebista... badakizu, auskalo non bukatuko dugun eta irakasle bueltatzea ez dut baztertzen, asko gustatzen zitzaidan, benetan.
X.S.- Eta Andoni, lezioak ematea ez zaigu gustatzen, inori ezer agintzea ere ez, etxeko lanak jartzea ere ez, baina zentzu positiboan norbaiti etxeko lanen bat edo gomendioren bat jartzeko eskatuko banizu? A.A.- Ez dakit nondik nora bota didazun hori, baina, bueno, punta batetik helduko diot. Nik uste dut, batez ere, ez dizut esango gure politikoek bakarrik, ze pertsonaia publiko guztiek dutela erantzukizun bat euskararekiko, ez, eta askotan hor badago hizkuntzaren kalitate eta kantitatea, ezta? Kantitatearen izenean edozer gauza onartzea, nik hori ez dut batere gustuko, hau da, gutxieneko maila bat jarri beharra dago, eta batez ere, jende ezaguna, pertsonaia publikoa nolabait esatearren, uste dut hizkuntza zaindu egin behar dutela. Ez dago edozein modutan euskaraz hitz egiterik, edozein azenturekin, edozein gauza esanez. Ni batzuetan lotsatu egiten naiz, nik nahiago nuke, hau esatea nahiko gogorra da baina bakarren batek euskara poliki samar ikasi arte egingo ez balu. Ni kantitatearen alde ez nago, nik nahi dut kalitate txukun bat, kantitate polit batekin baina, bueno, bota dut. Ez dakit hortik zihoan baina hortik heldu diot behintzat, Xabier.
X.S.- Hori izan da zure gaurko ele-alea, bakoitzak berea botatzen du hemen. Andoni Aizpuru, eskerrik asko benetan gurean izateagatik. A.A.- Zuei, zuei.
X.S.- Eta guk ere egingo dugu, kalitatearen aldeko apustu hori. A.A.- Saiatuko gara. Neu ere saiatzen naiz eta besteak ere saia daitezela.
X.S.- Eta ondo bukatu inauteriak. Adio, Andoni. A.A.- Berdin, ondo izan, agur.
.
|