Adopzioa: maitasunaren eta trafikoaren artean
ASKATASUNAK
Adopzioa: maitasunaren eta trafikoaren artean
Iparraldeko hainbat bikotek Hegoaldeko haur abandonatuak adoptatzeko nahia izaten dute, eta eskrupulorik gabeko bitartekariak egoera horretaz aprobetxatzen saiatzen dira. Nazioarteko adopzioa "moralizatzeko" helburua duen hitzarmen batek 25 herrialde bildu ditu.
Martine Jacot
Elkar maite dute. Erosotasunez inguraturik bizi dira "lehen munduko" txokoren batean. Halako batean, haur bat edukitzea erabaki dute. "Berri onaren" zain hilabeteak pasa dira, urteak. Azkenean, espezialistarengana jo dute. Terapiek ez dute beti emaitza onik izaten. Ugaltzeko gai ez izateak bikoteari min egiten dio; antzutasun?tratamendua, denbora joan ahala, eramateko zailagoa eta neketsuagoa izango da. Terapia jasanezina bilakatzen denean, haurra adoptatzeko asmoak aurrera egiten du. Hainbat eta hainbat haurtxo daude umezurtz?etxeetan, maitasun gosez. Gu maitasuna emateko irrikitan gaude eta familia osatzeko behar beste baliabide ditugu. Zergatik ez hartu, bada, etxean haurtxo bat? Iparraldeko herrialdeetan, antisorgailuen erabilpena eta abortuarekiko tolerantzia orokortu zirenetik, abandonatutako haurren (txiki eta handien) kopurua gutxitu egin da. Era berean, adopzio?eskaerak ugaldu egin dira, bai bikoteenak bai ezkongabeenak. Emaitza: hogei urtetik hona, herrialde aberatsetako bikoteek herrialde pobreetan eginiko adopzioak ikaragarri ugaldu dira (ikus laukia).
Bideratzea: luzea eta neketsua
Salbuespen batzuk izan ezik, haurtxoak atzerrian adoptatzeko prozedura luzea izaten da, eta, sarritan, haurtxoaren gurasoen jatorrizko herrialdean hainbat jendearekin elkarrizketa edukitzea eskatzen da: gizarte?laguntzaileekin, sendagileekin eta psikiatrekin. Akordioa lortzeko, beharrezkoak dira, baita ere, hainbat administrazio?dokumentu. "Benetako odisea" da, diote aho batez adoptatzaileek. Hala ere, aldian?aldian, ikaragarrizko eskandaluak sortzen dira. Izan ere, Hegoaldeko hainbat herrialdetan, mendebaldetik datozen eskariak aprobetxatuz, eskrupulorik gabeko bitartekariek ikaragarrizko dirutzak (batzuetan 60.000 dolar) kentzen dizkiete bikote aberatsei. Bikote horiek haurrak izateko irrikitan egoten dira, eta, gainera, horretarako egin beharreko prozedura luzea dela?eta nekea izaten dute. Iruzurgile anker horiek haurtxoak ama naturalari kentzeko gai ere izaten dira, ama horiek gehienetan inolako babesik gabe egoten direlako. Guatemalako Pablitoren kasuak haurren trafikoa benetako arazoa dela ikusarazteko balio izan du. Pablitok bizitzako lehen urtea umezurtz?etxe batean igaro zuen, bere arazoa konponduko zuen borroka juridikoaren amaieraren zain. Espainiako bikote batek haurraren amaren baimena zuen eta adopzioa bideratzen hasi zen. Pablitoren ama Elvira Ramirez CaƱo zen, 30 urteko emakumea. Bada, Elvirak zioenez, haurra jaio aurretik, etsipenak jota, orri "zuri" batean sinatu zuen. Izan ere senarrak utzi egin zuen haurdun zegoela jakitean. Espainiako bikotearen abokatuak diru?kopuru bat eman zion amari, baina Guatemalako legeak amari atzera egiten uzten dio. "Casa Alianza" izeneko karitate?elkarteak lagunduta, semea berreskuratu ahal izan zuen, haurrak urte bat bete eta geroxeago, hau da, 1998ko abuztuan. Ordurarte, Guatemalako tribunalek zalantzazko adopzio?kasuetan inoiz ez zioten haurrik eman ama biologikoari. "Casa Alianzako" arduradunek honakoa diote: "Pabloren kasuak agerian uzten ditu abokatuek edo adoptatzeko haurrak bilatzeagatik ordaintzen zaien pertsonek egiten dituzten presio eta manipulazioak. Neska pobre eta ezjakinez aprobetxatzen dira beti. Elkarte horretako abokatuak 17 amaren salaketak defendatzen ari dira eta elkartearen ustez, 1996tik hona, iruzurrezko 440 adopzio egin dira gutxi gorabehera.
Guatemala: lekurik gogokoena
Adopzio?prozedura munduko leku gutxitan da hain sinplea: notario batek guraso biologiko baten edo bien baimena erregistratzen du; ondoren, gurasogaien abokatuak, baimen hori eta gizarte?inkesta baten emaitza adin?txikikoen epailearen aurrean jartzen ditu. Epaileak erabakiko du adopzioa onartu ala ez. Gurasorik ez duten haurren kasuan eta abandonatutako haurren kasuan, adin?txikikoen epaileak zera egiaztatu behar du, erabakia hartu aurretik: guraso naturalak desagertuta daudela edo ezezagunak direla. Edozein kasutan, abokatuak derrigorrez hartu behar du parte. Beraz, atzerrian haurrak adoptatzeko irrikitan dauden mendebaldeko bikoteentzat Guatemala bihurtu da lekurik gogokoena. Herrialde horretan jaso diren adopzio?eskaera gehienak Estatu Batuetatik, Frantziatik eta Kanadatik datoz: 1996an 900 eskaera jaso zituzten eta 1997an 2.304. Aipatutako hiru estatuetako agintariek beraien herrialdeetakoei hainbat abisu eman dizkiete. Adoptatutako haurren sarrerak kontrolatzen dituen Frantziako erakunde ofiziala, hau da, Nazioarteko Adopzioetarako Misioa, honako oharra egiten ari da: "Dirudienez, abokatu batzuek Guatemalako sendagile, erizain eta gizarte?laguntzaileekin kontaktuak dituzte, eta azken horiek amak presionatzen dituzte, haurrak utz ditzaten. Ondoren, haur horiek abokatuen ezagunak diren emakumeen eskuetan uzten dira umezurtz?etxe klandestinoetan". Eta are okerrago: Kanadak Guatemala hirian duen kontsulatuak trafiko?mota berri bat utzi zuen agerian: hainbat emakumezko ez ziren haurren ama biologikoak, eta halaz ere adoptatuak izan zitezen baimena eman zioten adin txikikoen epaileari. Horrela frogatu zuen ADNak. Haur horiek landan jaiotakoak ziren eta, jaiotzerakoan, emakume batzuek, diru truke, amei kendu eta beraiek hartu zuten benetako amaren lekua.
ADN frogak derrigorrezkoak
Ordutik aurrera, haurra adoptatu duten gurasoei, Kanadara itzultzeko baimena eman aurretik, Otawa?k zera eskatzen die: ama biologikoari eta haurrari frogak sistematikoki egitea. 1998ko urrian, Estatu Batuek ere neurri hori hartzeko asmoa azaldu zuten. Guatemalako agintariek, berriz, Parlamentuak lege zorrotzagoa onartu bitartean, kontrol gogorragoa eskatu diete epaileei. Brasilen, nazioarteko adopzioa egiterakoan, exijentziak, teorian behintzat, guztiz gogorrak dira. Hala ere, Jundai herrian, Sao Paulotik gertu, 94 emakumezkok manifestazioa egiten dute sarritan. Pobreziaz gain, zera konpartitzen dute: epaile beraren erabaki bizkorra zela?eta, emakume horiek seme?alaben kustodia galdu zutela. Epaileak etxe baten kargu utzi zituen haur horiek, adopzioaren alde egiten duen Italiako erakunde batekin ados jarri ondoren. Vietnamen badira bitartekari?lanak egiteko bere burua eskaintzen duten taxi?gidari, hoteletako gerente eta bidaia?agentziak. Dirua jaso ondoren, mendebaldeko gurasoei legez kanpoko "aholkuak" ematen dizkiete. Aipatu ditugun eskandaluak berrienak dira; baina, horietaz gain, Europako Ekialdean, Afrikan eta Asian izan ziren beste batzuk. Horien guztien ondorioz, nazioartean argi ikusi da behar?beharrezkoa dela nazioarteko adopzioak moralizatuko dituzten baliabide juridikoak sortzea. 1993an, haurrak babesteko eta nazioarteko adopzio?gaietarako elkarlanerako Hitzarmena sinatu zen Hagan. 1995ean sartu zen indarrean, eta adoptatzeko prozesuan inolako etekinik ateratzea debekatzeaz gain, haurren bahiketa eta salerosketa ere debekatu egiten ditu. Hitzarmena sinatu zuten estatuak edozein trafikori, ahal den neurrian, aurre hartzeko ezinbestekoak diren egiturez hornituta egotera behartuta daude. Oraingoz lau herrialde atxiki zaizkio Hagako Hitzarmenari eta beste 21 herrialdek berretsi dute, horien artean, Kolonbia, Frantzia eta Australiak (1998an).
Haurraren erroak errespetatuz
Hitzarmen horren arabera, haurrak adoptatu nahi dituen pertsona orok bere eskaera (zuzenean edo GKEen bitartez) haurra adoptatu nahi duen herrialdeko agintarien aurrean aurkeztu behar du. Neurri hori dela?eta, adopzio klandestinoak gutxitu egin dira. Atzerrian eskaera egin aurretik, guraso adoptiboen jatorrizko herrialdeak honakoa egiaztatu behar du: gurasogaiak egokiak direla eta haurrak adoptatzeko prestatuta daudela. Horrez gain, beraien jatorrizko herrialdearen eta haurraren herrialdearen prozedura eta legeak ere hartu behar dira kontuan. Hitzarmen horrek debekatu egiten ditu, derrigorrezko agiriak aurkeztu baino lehen, adin?txikikoaren familiaren eta adoptatu nahi dutenen arteko harremanak. Haurraren herrialdeko agintariek amaren baimena (edo, aitarena, ezagutzen bada) askatasunez emana izateaz arduratu behar dute, hau da, ordainketarik edo bestelako saririk gabe. Azkenik, haurraren herrialdean beraren kargu egingo den edo adoptatuko duen familiarik aurkitzen ez denean, orduan bakarrik adopta daitezke haur horiek atzerrian. Hala zehazten du Hagako Hitzarmenak eta1989ko Haurren Eskubideei buruzko Nazio Batuetako Hitzarmenak. Printzipio horren arabera, haurraren interesak du lehentasuna eta, ondorioz, ahal den neurrian, haurraren erroak errespetatu egin behar dira. Helburu hori betetzeko, hainbat herrialdek zera exijitzen diete atzerriko guraso adoptiboei (edo guraso horien herrialdeko gizarte?zerbitzuei): haurraren jatorrizko herrialdeko agintariei haurraren egoerari buruz erregulartasunez informatzeko. "Segimendu?epea" Sri Lankan hamar urtekoa da, Perun laukoa, Paraguain hirukoa eta Errumanian bikoa. Sarritan, nazioarteko adopzioen garapenak haurraren herrialdean bertan egiten diren adopzioak bultzatu ditu. Horrela gertatzen da, adibidez, Perun. Bertako agintariek komunikabideetan kanpainak antolatu dituzte abandonatutako haurrak lehenengo Peruko bikoteei "eskaintzeko". Izenik esan nahi ez duen emakume batek ?Peruko adopzio zerbitzuetako arduraduna bera? honakoa dio: "Emakume asko etortzen zaizkigu haurra utzi nahi dutela esanez, ez baitute hazteko baliabiderik. Gure zerbitzuek ahaleginak egin dituzte horiek burutik kentzeko eta laguntzeko. Baina hemengo arazoa konpontzeko, beste leku batzuetan gertatzen den bezala, ezinbestekoa da miseriak atzera egitea."
Adopzioaren geografia aldakorra
Estatu Batuek "abegi herrialde" deitutakoetan lehenak dira: zifra ofizialen arabera, 1997an, guraso estatubatuarrek 13.621 haur adoptatu zituzten, 1977an baino bi aldiz gehiago. Haur horiek honako herrialdeetan jaiotakoak ziren: besteak beste, Errusian (3.816), Txinan (3.597), Hego Korean (1.654), Guatemalan (788) eta Errumanian (621). "Abegi herrialdeen" bigarren postuan Frantzia dago: 1997an, hirurogeita hamar herrialdetako 3.528 haur adoptatu ziren; 1979an, aldiz, 10 herrialdetako 971 haur besterik ez. Gaur egun, Frantzian adoptatzen diren haurren erdiak?edo Vietnametik datoz, eta ondoren Kolonbia, Madagaskar, Errusia, Brasil, Guatemala, Errumania, Bulgaria eta Etiopiatik. Adopzioen nazioarteko geografia ikaragarri aldatzen da, batzuetan urte batetik bestera ere. Hego Koreak (1979ko Frantziako nazioarteko adopzioen %66) adibidez, 1988an Seulen ospatutako Joko Olinpikoen ondoren, nabarmen murriztu zuen nazioarteko adopzioa. Indian eta Txinan gertatzen den bezala, gurasogaiek legezko erakundeen bidez jokatu beharra dute derrigorrez. Txinan, nazioarteko adopzioa 1991n hasi zen, baina eskatutako baldintzak ez dira hain zorrotzak, umezurtz?etxeak neskatxaz beteta baitaude. Izan ere, hirietako txinatarrek haur bat besterik ezin dute izan eta landetakoek bi. Errumaniaren kasuan, Ceaucescu erori zenean, umezurtz asko eman ziren adopzioan, baina gero prozedura guztiz zorrotzak ezarri ziren. Eskubide musulmana nagusi den herrialde gehienetan adopzioa ezinezkoa da, bai bertakoentzat bai atzerritarrentzat.
Bakeak badu saria
UNESCOren Bakerako Heziketa Saria, UNESCOren kontseilu exekutiboak sortu zuen 1980an, Japoniako Untzigintza Industriako Fundazioak emandako dohaintzari esker. Ordutik, urtero, nazioarteko epaimahai batek sari hori ematen die iritzi publikoa sentsibilizatzeko eta kontzientziak bakearen alde mobilizatzeko lan egiten duten pertsonei edo erakundeei. Aurten sari hori "Bakerako eta Elkar Ulermenerako Ukrainako Hezitzaileak" izeneko GKEarentzat izan da. 1998ko abenduaren 15ean, talde horri, bakea irudikatzen duen estatuatxo bat, Fenosa izeneko eskultore espainiarrak egina, eta 25.000 dolarreko txekea eman zizkieten. 1990ean Kiev?en sortua, elkarte hori laikoa eta apolitikoa da. Irakaskuntza?maila guztietako irakasleen prestakuntzaz arduratzen da, giza eskubideei, haurren eskubideei eta bakeari lotutako ideiak zabal ditzaten. 170 talde pedagogiko ditu (klub, zentro eta erakunde publikoak) helburu berarekin: gizabanakoari oinarriak ematea naturarekin, besteekin eta norberarekin harmonian bizi ahal izateko. Ehundaka hezitzaile prestatu dituen elkarte horrek Bakerako Ikasketa eta Ikaskuntza Unibertsitatearen ikastaroez gain, beste jarduera batzuk ere antolatzen ditu: hitzaldiak, mintegiak, tailerrak, argitalpenak, ibilaldi ekologikoak eta hezitzaile eta ikasleen arteko elkarlanak. Elkarte horren nazioarteko proiektuen artean bi aipatuko ditugu. Alde batetik, "Youth Collaboration", Munich?ekin elkarlanean, hirietako gazteek dituzten heziketa?arazoez eta gizartean moldatzeko zailtasunez arduratzen dena. Bestetik, "E?mail Project" proiektua: Britainia Handia, Florida eta Estatu Batuetako ikastetxeekin elkartuta dauden Ukrainako ikastetxeentzat Internet sarea garatzea du helburu. Beste hiru GKEk ohorezko aipamena izan zuten: Norvegiako "Fridtjof Nansen" akademiak, Kosovo?n (Jugoslavia ohian) bakerako heziketan bereziki aktiboa delako, Zeelanda Berriko "World Court Project"ek arma nuklearren aurkako nazioarteko kanpaina hasi duelako, eta Israelgo "Ulpan Akiva Netanya" hizkuntz eskolak, hebraiera eta arabiera irakatsiz elkar ulertzea eta errespetua sustatu nahi dituelako.