Irakurtzeko testua
Iruñea-Lizarra autobiaren ibilbidea aurkeztu du Nafarroako Gobernuak
Iruñea eta Logroño elkartuko dituen autobiaren lehen zatia da Lizarraraino doana.
Autobiak ukitzen duten 13 udalek bidearen aldeko manifestua sinatu dute.
38 kilometroko autobia hori egiteko 25.000 milioi euro baino gehiago beharko dira.
Bide zuzenena aukeratu da, eta Erreniega gainean kilometro bateko tunela eginen dute.
Asier Azpilikueta / Iruñea
NAFARROAKO Gobernuko Herrilan Departamentuak atzo aurkeztu zuen Iruñetik Logroñora arteko autobiaren lehen zatia, Lizarrarainokoa. Iruñea-Lizarra autobiak denetara 37 kilometro eta 800 metro izanen ditu. 12 lotura eginen dituzte, eta Iruñerrian beste bat egiteko aukera dago. Lotura horiek autobiak ukitutako udalekin egin negoziazioen ondorio dira. Autobia egiteko 25.000 milioi euro baino gehiago gastatzea aurreikusi dute Herrilanekoek.
Garesko saihesbidea eta Zizurkoa heldu den urtean hasiko dituzte, eta autobiako eta loturetako lanak 2001. urtean hasi eta 2004. urtean bukatuko dituzte. Ondoren, autobiaren bigarren zatiarekin hasiko dira: Lizarra-Logroño.
Herrilan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilari Jose Ignacio Palaciosek erran zuenez, autobia hori "ardatz estrategikoa da, Errioxako Erkidegoarekin lotzen gaituelako, Ebro iparreko aldearekin lotzen gaituelako, herrigune garrantzitsuak zeharkatzen dituelako. Lizarrerria hezurmamituko duelako, eta bertako garapen sozio-ekonomikoa bultzatuko duelako". Palaciosen aburuz, autobia Nafarroako Gobernuaren helburu nagusietako bat da aipatu arrazoi guztiengatik.
Horrelako proiektu batean herritarren laguntza izatea ezinbestekotzat jotzen zuten Gobernuan, Palaciosek azaldu zuenez. Horregatik, udal guztiekin harremanetan egon dira uneoro egin dituzten urratsen berri emateko. Maiatzean bilera egin zuten alkate guztiekin. Eta urriko hiru egunetan banan-banan elkartu ziren alkateekin. "Alternatiba guztien berri eman zitzaien, eta alegazioak egiteko parada izan zuten", baieztatu zuen Palaciosek. "Alegazioen bitartez proiektua aberastu dute, horietako anitz onartu baititugu".
"Bide zuzenena"
Herrilaneko zuzendari nagusi Alvaro Mirandak, berriz, azaldu zuen alternatiba gehien zituen lekua Erreniega gainekoa zela. Aukeratu den konponbidea ez zegoen hasierako alternatiben artean, baina horixe iruditu zaie egokiena: 1.050 metroko tunela eginen dute mendia zeharkatzeko.
Bidearen osotasunari dagokionez, "Iruñetik Lizarrara joateko aukeratutako bidea zuzenena" dela azaldu zuen Mirandak. "Hortaz, kostu ekonomikoa ttikiena izanen da. Gainera, uste dugu kalte ekologiko guttien eraginen duen alternatiba aukeratu dugula", gehitu zuen Mirandak.