Murgilduz

1. ikasgaia

2. ikasgaia

3. ikasgaia

4. ikasgaia

5. ikasgaia

—Teletipoa euskaratu

—"Lantokia gurasoek sortu, ondorengoek jarraitu"

—Elkarrizketari dagozkion galderak ezarri

—Komatxoak noiz erabili

—Testuan falta diren komatxoak jarri

—Zuzenean Telstar eta telebista mundutarra

—Testua irakurri eta hiztegia eta egiturak landu

—Puntuazio-markak

—Konparatu puntuazio markadun eta marka gabeko testuak

—Puntuazio marken definizioak eta kontzeptuak elkarlotu

—Zein puntuazio-marka erabili honako kasuetan?

—Egongelako "gauza"

—Irakurtzeko testua

—Aditz pertsonak aldatu

—Aditz pertsonak eta denborak aldatu

—Aditza lantzeko jokoa

—Jokoa zertan den

—Ariketa: jokoa

—Telekomunikazioak

—Testua irakurri eta hiztegia eta egiturak landu

—Zein programa gustatzen zaizu?

—Inkestako datuei erreparatu eta osatu esaldiak

—Nor da? Imanol Larzabal, Txomin Artola eta Mikel Laboa

—Hiru euskal kantarien biografiak

—Osatu taula

6. ikasgaia

7. ikasgaia

8. ikasgaia

9. ikasgaia

10. ikasgaia

11. ikasgaia

 

 

Murgilduz > 5. ikasgaia > Egongelako "gauza" > Irakurtzeko testua

 

Irakurtzeko testua

Egongelako "gauza"

 

Gaueko hirurak ziren. Ni lozorroan nengoen ohean, baina zarata handi batek iratzarri ninduen. Nire zakurra borrokan zebilen egongelan. Jaiki nintzen, eta arinka egongelara joan. Atea zabaldu nuen. Zakurrak ia lurrera bota ninduen, nire zango artetik lasterka eta izuturik ihes egitean.

Egongelara kontu handiz sartu nintzen, makila sendo eta luze bat hartu ondoren. Lapurrarekin kolpeka hasteko prest nengoen. Neure indar guztiak eskuin besoan bildu nituen. Argia piztu nuen. Baina egongelan ez zegoen ezer. Ez zegoen inor. Gauza guztiak beren tokian zeuden: mahai txikia erdian, besaulkia alde batean, telebista aparailua bestean. Txoriak, kaiolatik, harriturik bezala begiratu zidan.

Argia itzali eta etxeko beste alderdira joan nintzen, zakurraren bila. Etxeko atearen ondoan aurkitu nuen Lagun, mahaitxo baten azpian. Negarrez bezala zegoen nire zakurra, oihu tristez etxea betetzen zuelarik. "Hator, Lagun, hator!", esan nion. Baina alferrik. "Abereek ere ametsetan egiten dute. Zakur honek amets txar bat eduki du", pentsatu nuen. Zakurra mahaitxoaren azpian geratu zen. Ni berriro oheratu nintzen.

Ia lo nengoen berriro, beste zalaparta bat entzun nuenean. "Zer arraio ote da?", esan nuen, jaikitzen nintzen bitartean. Zarata, oraingoan, txikiagoa zen; baina, lehen bezala, egongelatik zetorren. Atea berriro kontuz zabaldu nuen, lehen bezala makila sendoki eskuan harturik. Lehen begiradan ez nuen ezer ikusi. Bigarrenean, ordea, txoria kaiolan hilik aurkitu nuen, behearen gainean hegoak zabalik zeuzkala. Txoria zen nonbait azken zarataren iturria. "Hegoak kaiolaren kontra astindu ondoren, txoria beldurraren beldurrez hil da", pentsatu nuen. Baina ez nuen ulertzen beldur haren arrazoia. Zirudienez, egongelan dena bakean zegoen. "Berton geratuko naiz oraingoan, zer demontre!".

Soingainekoa jantzi nuen, argia itzali, eta besaulkian eseri nintzen. Han egon nintzen ordu erdi batez, begiak eta belarriak erne. Ez zen ezer gertatu. Han egotea lelokeria handi bat iruditu zitzaidan. "Hor konpon! Ni ez naiz gau osoan hemen egongo", pentsatu nuen. Besaulkitik jaiki nintzen; eta, hain zuzen momentu hartan, telebista aparailuari begiratu nion. Beraren pantailan argitasuna nabaritu nuen. "Hona hemen nire abere beldurtien ikararen arrazoia!", pentsatu nuen. "Ez dut itzali telebista; eta, gau erdian pantailan argia ikustean, sekulako ikaraldia hartu dute, bai zakurrak eta bai txoriak".

Joan nintzen, ba, telebista aparailura. Botoiari eman nion..., baina telebista piztu gabe zegoen. Entxufea ere sartu gabe. Entxufea eskuan hartu nuen, pantailako argitasunari begiratzen nion bitartean. "Kontxo, kontxo! Hau duk hau telebista xelebrea! Indarrik gabe martxan!".

Nire telebista ez zen bateriazkoa, eta entxufea zen beraren indarbide bakarra. Harriturik gelditu nintzen, pantailako argitasunari begira.

Honela nengoela, pantailako argitasun apala gero eta biziagoa egin zen. Eta mila kolorekoa bihurtu zen. Izutu egin nintzen. Telebistaren goragailutik burrunba ilun bat zetorren. Beharbada, telebista aparailuari indar arraro batek eragiten zion. Pantailan, noizik behin, irudi antzeko forma batzuk ikusten nituen; eta goragailuan ere, ahots batzuk entzuten.

Telebistatik urrundu nintzen. Ez nuen ezer ulertzen. Zer gertatzen ote zen nire egongela baketsuan? Telebistaren pantaila kolorez eta argiz kiskaltzen bezala zegoen. Halako batez, pantailatik argizko "beso" luze batzuk agertzen hasi ziren, goragailuko burrunba gero eta handiagoa egiten zen bitartean. Egongelako airea metalezko usainez bete zen. Pantailatik arnas neketsu bat bezalakoa sortzen zen.

Egongelatik atera nintzen, eta atea itxi nuen. Zakurra berriz ere intzirika hasi zen; eta gero, sukaldeko leihora joan eta bere burua bosgarren solairutik behera bota zuen. Nik ez nekien zer egin. Logelako ate azpitik argi bizi bat ikusten nuen. Bai eta arnas astun izugarri hura entzuten ere. Gero zera ikusi nuen: kable elektriko guztiak bero-bero zeuden etxe osoan, tentsio handiegi baten pean bezala. Bonbillak, Segundo batez beren argi guztia eman ondoren, lehertu egin ziren. Nire erloju elektrikoa ere bero-bero jarri zen, eta kiskalia bezala gelditu. Momentu batean nire amorrazioa beldurra baino handiago bihurtu zen. Makila berriro eskuan hartu, eta egongelako atea zabaldu nuen.

Han barruan argizko pertsona edo "gauza" bat aurkitu nuen gelaren erdi erdian. Begi bakar bat zeukan "aurpegian"; eta "gauzak", begiratu zidanean, erdi lo utzi ninduen. Hala ere, nik makilakada galant bat eman nion erdi erdian "gauza" hari. Baina makilakadak ez zion ezer egin. "Gauzak", ordea, bultzakada batez lurrera hankaz gora bota ninduen. Lurrean nengoela, neure barruan izugarrizko bero bat handitzen hasi zitzaidan; eta nire giharrak, argi indarrez eraginik bezala, dardaka hasi ziren.

"Gauzaren" kontra ezin nuen ezer egin. Hil zorian ikusi nuen neure burua. Orduan, telebista aparailua puskatu behar nukeela pentsatu nuen. Nekez jaiki nintzen, eta telebistaren kontra neure indar guztiak jaurtiki nituen. Pantaila zarata handiz lehertu zen, eta "gauza" pantailarekin batera ezereztatu zen.

Egongelako behearen gainean, neure telebista hautsiaren ondoan egon nintzen, egunsentiko argi apala eta gozoa leihotik sartzen hasi zen arte.

 

ARZELUS, X. (1984): Ipuin beltzak.
Euskaltzaindia, Zarautz, 74-77 orr.

 

 

<< Aurrekoa     Hurrengoa >>