Testua irakurri eta hiztegia eta egiturak landu
Testua irakurri eta hiztegia eta egiturak landu.
Montgolfier-engandik
Zeppellin kondearenganaino
Frantzia-ko Annonay-ko plazan Joseph eta Etienne Montgolfier anaiek bota zuten lehen globoak denak harriturik utzi zituen. Hamaika metroko diametroa zuen asmakariak, eta hamar minutuz egon zen airean. Igotzeko sistema oso xaloa zen: haize beroak gorantz du egiten. Aski zen globoa suaren gainean ipintzea; paperezko poltsatzar hura betetzean jaregin eta igoko zen.
Hilabete geroago, esperientzia berri bat egin zuten Montgolfier anaiek Versalles-ko lorategian Louis XVI errege eta honen gorte osoaren aitzinean. Globo xarmanki apainduak txalupatxo bat zuen, eta hemen hiru bidaiari igoko ziren: ahate bat, oilo bat eta ahari bat. Horrela ikusi nahi zen ea bizi zitekeen altura handitan; orduko zientzigizonek uste baitzuten, lurretik gora samar joanik haizea oso garbia bihurtzen zela eta ezingo zela arnasarik hartu.
Airestatoa hasi zen puzten. Lurra lotzen zuten sokak tenkatzen hasi ziren; prest zegoen globoa igotzeko. Ebaki zituzten lokarriak, baina globoa urratu egin zen. Halere, saiheska bazen ere, nahiko gora joan zen baina bat-batean jausi egin zen. Denen ustetan bertan zeuden animaliak hilak izango ziren; gora joan zirelako ez ezik, azkar jaitsi zirelako ere bai. Fisikoek ziotenez, gorputzak, jaustean, bere inguruan huts handi bat sortzen zuen eta ezin zen hatsik hartu. Hiru abereak, ordea, esperientzia hastean bezain bizkor zeuden.
Igoera hau ikusi zutenen arteko batek, Pilatre de Rozier zeritzan hogeita bederatzi urteko gazteak, bera igoko zela pentsatu zuen. Adierazi zizkion bere asmoak Arlandes-ko markesari eta bien artean atondu zuten dena. 1783ko azaroaren 21a hautatu zuten igotzeko. Jendetza handia bildu zen Parisko Muette auzoan, bi bidaiariak igoko ziren tokian. XVIII. mendeko paristarrentzat bidaia honek, guretzat ilargira lehenengoz joateak izan zuen garrantzi berdintsua zuen.
Globoa igotzen hasi zenean, jendeak bibaka eta irrintzika ekin zion. Laster hartu zuen airestatoak edozein etxerena baino altura handiagoa. Hiri osoa globoari begira zegoen, poliki-poliki, ezbeharrik gabe, zerua zeharkatu eta Butteaux-Cailles-ko eihera artean pausatu zen arte.
Gizonak egin lehen hegaldi honen arrakastak orduko anitz fisiko animatu zuen globoek ematen zituzten aukerak ikertzera. Lan hauen ondorio, haize beroarena baino bultza-indar arinago baten aurkikundea izan zen: hidrogenoa.
Jacques-Alexandre Charles-ek aurkitu zuen gas honi esker trabesia luzeak egin ahal izan ziren. Rozier eta Arlandes igo ondorengo bi urteren buruan, 1785ean Mantxa-ko Kanala gurutzatu zuten François Blanchard eta Jeffries ingelesak.
Zenbait urteren buruan, 1852an, Henri Giffard ingeniariak baporezko motordun globo bat egin zuen Frantzian. Makina hegalari honek, ia ezagutu gabe pasatu arren, paper handia egin zuen haizearen menderakuntzan; dirigibleen sorrera izan baitzen. Airestatoak ez zebiltzan haizeen gogora; nahi zen alderantz zuzen zitezkeen. Pauso handia eman zen.
XX. mendearen hasieran Zeppelin kondeak, Prusia-ko armadako jeneral erretiratu batek, dirigible hauek aztertzen jardun zuen. Kostanza aintzira ondoan tailer batzuk eraiki zituen; "lainoa bezain gora eta eztiki hegatuko zen" aparatu handi bat, egin nahi zuen. Halaxe, lehen zeppelinak, ehun eta hogeita zortzi metro luzeko hezurdura, oholtza zuen. Barrua hidrogenoz puzturiko konpartimenduetan zegoen banatua, eta hamabost zaldiren indarra zuen motor batek bultzatzen zuen ontzia. Honen bale eite edo forma oso ezaguna egin zen Alemanian.
Lehen gerra mundialean ikusi zenez, ez zitekeen zeppelina gudu arma gisa erabil; handi eta motel izanik, aisa jotzen baitzuen etsaiaren suak. Hamar urte geroago, Hugo Eckener pilotu zela, zeppelin bat ozeanoan barrena hegatu zen; laurogeita bat ordu eman zuen Europatik Ipar Ameriketara joaten.
1929ko abuztuan Graff Zeppelin-ek munduari hogei egunetan bira egitea erdietsi zuen. Esperimentu honi esker, hegaldi-linea bat egin zen Alemaniako Friedrichshafen hiritik New Jersey-ko Lakehurts-eraino, eta gerora Brasilgo Pernambuko-ra. Hidrogenoa oso sukorra denez, zenbait ezbehar izugarri gertatu zen, hori zela eta laster suntsitu ziren ontzi hauek.
Gaur egun, blimps izenez ezagutzen den dirigible mota bat erabiltzen da. Globotik eskegitako gidari-kabinan joan ohi da tripulazioa. Eginkizun militarretarako erabiltzen dute, eta azken gerla mundialean etsaien urpekoak aurkitzeko balio izan zuten. Egun, globo eta dirigibleak lan zientifikoetarako erabili ohi dira ia bakarrik.
Montgolfier-engandik Zeppelin kondeaganaino:
Munduan zehar entziklopedia, 3. alea. Garraioa.
Altea. Edic. Vasca. Donostia, 139-141 orr.