Testua irakurrri eta pausuak ordenatu
2. Eta sagarra sagardo bihurtu zen
Behin aleak sagardotegian pilatu direnean, makinaz jotzen dira. Ateratzen diren sagar zatiek ez dute handiegiak izan behar. Alderantziz, berriz, sagarra gehiegi xehatzen bada, barruan dauzkan haziek hautsi eta gustu txarra emango diote sagardoari.
Lan honen emaitza, sagar-mamia, patsa izenez ezagutzen dena dolarearen azpilean ezartzen da. Dolarerik gehienak azpil zabalak edukitzen dituzte, hesi-moduko egurrezko sareak dituena, eta hesi honetan zehar ateratzen da muztioa, erraztasun osoz.
Arbasoengandiko ohiturari jarraituz, gure sagardogileek patsa beratzen uzten dute dolarean, biharamuna arte.
Orduan hasten da zapalketa. Patsari zuku guztia ongi kendu ahal izateko, zortzi, hamar eta baita hamabi aldiz ere zapaldu behar da patsa dolarean. Lortutako zukua, edo "muztioa" dupan jasotzen da. Zapalketa bukatzen doan bezala, patsa lehortuz doa eta muztioa gutxitu egiten da. Zenbait sagardogileren iritziz azken muztio hau da guztietan finena.
Prozesu hau bukatu ondoren, pixkanaka eta patsaren gainaldean presio etengabe eta leunak eginez lortzen den prozesua, esan genezake sagarra bere mami propiotik bereiztu dugula.
Dolareetatik datorren muztioaz kupela bete eta egun batzuetara berez hasten da hartzidura alkoholikoa.
Sagardoak bi hartzidura pasa behar ditu:laburra eta oso zaratatsua, bata; luzea eta isilagoa, bigarrena. Orduan, kupelaren gainean "txapela" izeneko ehun apartsua sortzen da. Hondoan pilatzen doaz jalkiak.
Bitxia dirudien arren, garai bateko muztio, apartsu, gozo, lodi eta gorrixka hura sagardo garbi eta fin bilakatu da.
Horretarako kupelak eta dupak ia hiru hilabetez geldirik egon behar dute, 7 eta 15 gradu bitarteko tenperaturan. Bakartasun eta isiltasun oso-osoan.
Denbora hau iragan ondoren, sagardo garden, argi eta usaintsua heldua da jadanik gure usaimenaren eta ahosabaiaren gozamenerako.
Kupela bakoitzaren emaitza ezberdina izango da, zalantzarik gabe. Sagardoa oso ugaria baita. Eta izaera berezikoa.
URIA, J.: Gure Sagardoa,
Eusko Jaurlaritza. Gipuzkoako Foru Diputazioa. Donostia.
Ordena sagardogintzaren bigarren etapa honetan ematen diren pausuak: