Irakurtzeko testua
Langabezia EAEn
Nahiz eta urteko lehenengo hiru hilabeteetan 1.100 enplegu galdu diren langabezia % 14,8ra jaitsi da EAEn, 1985etik izandako tasarik apalena.
Enplegua Gipuzkoan bakarrik sortu da. Araban eta Bizkaian galdu egin baita
Langabe nahiz enplegatu kopurua gutxitu da EAEn 2000ko urtarriletik martxora.
Aurten galdutako enplegu guztia gizonezkoei dagokiela erakutsi du Eustatek
Aurtengo lehenengo hiru hilabeteetan gutxitu egin da herritar landunen kopurua Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), 1.100 enplegu gutxiagorekin, baita langabetuen kopurua ere, 2.200 gutxiagorekin, Eustat estatistika erakundeak atzo jakinarazi zuenez.
Langabetuak nahiz enplegatuak gutxitzeko arrazoia bíztanle aktiboen kopuru osoa jaitsi izana da. Izan ere lan egiteko moduan dauden EAEko herritarrak 3.300 gutxiago ziren iragan martxoan iazko abenduan baino. Guztira 968.400 daude. Ondorioz, biztanleria osoaren gaineko aktibitate tasa %54,2koa da autonomia erkidegoan.
Horrenbestez, EAEn 825.500 herritarrek lan egiten dute, eta 142.900 langabezian daude. Azken horiek biztanle aktiboen %14,8 dira, eta Eustaten arabera, langabezia tasa hori 1985.urtetik hona izandako apalena da. Abendutik hona 0,1 puntu jaitsi da langabezia tasa.
Industriak eta eraikuntzak enplegua galdu dute
Eustaten estatistikak erakutsi duenez, EAEko enplegatuetatik 19.900ek nekazaritzan eta arrantzan dihardute: 234.300ek industrian; 68.800ek eraikuntzan eta 502.500ek zerbitzuetan. Aurtengo urtarriletik martxora industriak eta eraikuntzak enplegua galdu dute, eta zerbitzuek irabazi.
Enplegatutako herritarretatik 679.900 alokatutako langileak nahiz kooperatibistak dira, eta gainontzekoak euren kabuz diharduten langileak dira.
Kontratazio motaren arabera, 430.000 lagunek (alokatutakoen %65,1ek) kontratu finkoa dute, eta 196.000k (%34,9k) behin-behinekoa. Kontratazio finkoa gehitu eta behin-behinekoa gutxitu egin dira, ordea, aurtengo lehenengo hiru hilabeteetan.
Sexuaren ikuspegitik, 513.200 enplegatu gizonezkoak dira, eta 312.300 emakumezkoak. Hala ere, EAEn aurten desagertutako enplegua gizonezkoen artean soilik galdu da: emakumezkoetan, berriz, gehitu egin da.
Herrialdez herrialde aztertuta, Eustatek erakutsi du enplegua Gipuzkoan bakarrik sortu dela aztertutako epealdian 1.300 lanpostu gehiagorekin. Bizkaian eta Araban, berriz, gutxitu egin da enplegua, 2.100 eta 400 lanpostu gutxiagorekin hurrenez hurren.