Irakurtzeko testua
Gazteria lanpostu bila, langabezia
Giza zientzietarako Kontseilu Internazionalak, Unesco-k eskaturik eta beraren laguntzarekin, oraintsu egin du "Industri langile gazteen egoera, jarrerak eta bizimoduak" izenburua daraman azterketa. Ikerketarako industrializazio maila ezberdineko sei herrialde hautatu ziren: bi aurreratu xamarrak (Hungaria eta Espainia), bi erdi-mailakoak (India eta Uruguay) eta bi industrializazio berrikoak (Senegal eta Algeria), lau kontinentetako 600 gazte elkarrizketatu zirelarik. Hemen argitaratzen dugun artikulua ikasketa horren emaitzetan oinarritzen da.
Gaurko gazteentzat lehenengo lanpostua ez da diru-sarreraren ziurtasuna bakarrik hori izanik, beti ere, motibazio nagusia, baizik eta beren buruak baieztatzea, jarduera horrek berak "badirela" frogatzeko aukera ematen dietelarik.
Lan-munduan sartzea ez da, aise ematen den pausoa. Enplegu-aukerak oso urriak dira (ikerturiko herrialde guztietan, Hungarian ezik), eta gazterik gehienak nahi luketen lan mota, hots beren prestakuntzari dagokion lan-mota, gogozko luketena lortu ezinean aurkitzen dira. Lehen enplegua agudo lortzeko zori ona izan dutenek, berriz, esperientziarik eta lanerako gaitasunik ez omen dutelako, zenbait diskriminazio mota, agerikoa edo maskaratua, jasaten dute, nahiz eta sarritan betetzen dituzten lanak langile zaharragoek edo antzinakoagoek egiten dituztenak berak izan.
Gazteentzat, helduentzat baino zailagoa da enplegu iraunkorra lortzea. Elkarrizketatuen iritziz, badago gazteak enplegatzeko nahi eza esplikatuko lukeen zenbait arrazoi: ugazaba askok gazteek lan-istripuak errazago izaten dituztela edo produkzioaren erritmoa moteldu egiten dutela uste du; beste batzuek prestakuntzarako gastu gehigarririk ez dute nahi, edo pentsatzen dute soldadutza, mutilen kasuan, eta haurdunaldiak, neskenean, errentabilitaterako kaltegarri direla; eta, azkenik, gazteak langile helduak edo inmigratuak baino erreboltazaleago eta burrukalariago direneko ustea oso zabaldua dago.
Horrelako beldur eta aurreiritzien ondorioz, gazte askok kontratu iraunkorrik eta segurtasun sozialaren babesik gabe lan egiten du "ekonomia paraleloa"-n murgildurik, praktikan. Hala, Espainian eta azterturiko beste herrialde batzuetan, denbora erdiko edo denboraldiko lanetan sarritan aritzen dira, gaizki ordainduak gehienetan, eta baita famili edo iraupen-enpresa txikitan ere, batzuetan soldatarik batere gabe.
Gainera, neska gazteen egoera are latzagoa da diskriminazio sarriago eta larriagoak jasaten baitituzte mutilek baino, bereziki Indiako eta Nigeriako informeek aditzera ematen duten bezala.
Beraz, gaurko eguneko gazteengan, lana bilatzeak, ia mundu guztian, ziurtasun falta eta kezkak sortzen ditu. Gutxi batzuk dira lan-kontratu iraunkorra eta segurtasun sozialaren babesa dituztenak. Eta, gauzak horrela, lan astunak edo bidegabeko baldintzak onartzera beharturik ez daudenean, asko dira beren kontu negozio apal eta arriskatuetan sartzen direnak, ekonomiaren sektore "informala" edo "paraleloa" deritzonean barneratuz, etorkizun hobeago baten esperantzan, non eta beste herrialdetara emigratzen ez duten behintzat.
Ikerketek erakusten dute, baita, lanpostutik kanpora bidaltzen diren lehenengoak, alde batetik, neskak eta, bestetik, gazteenak izaten direla eta, gehienetan, bidalketek ez daramatela berekin ez indemnizaziorik eta ez subentziorik, batez ere, garapen bidetan dauden herrialdeetan.
Soldatak sarritan ez die ematen gazteei bizimodu independente eta egokia eramateko lain, hain dira apalak zenbaitetan. Maiz gertatzen da, bestalde, ordainketa maila kualifikazio profesionalari dagokionaren azpitik egotea, horrek frustrazio handia dakarkielarik. Esan behar da, gainera, gazteen laneko baldintza materialak gogorrak eta osasungaitzak izan ohi direla: askotan eginbeharrik astunen eta toxikoenak egin arazten zaizkie, hala lan-istripuen arriskua handitzen delarik. Gazteei eskaintzen zaizkien promozio-aukerak oso urriak dira eta lantegietan aurretik ezarririk dauden hierarkien zama oso astuna egiten zaie, askotan beren duintasuna eta eskubideak ukitzen dituztela sentitzeraino. Eta, lan-munduko beste arloetan bezalaxe horretan ere, neskak dira ondoriorik txarrenak jasaten dituztenak.
Unescoren Albistaria, 7. alea, 8-11 orr.