Docutec Homofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna Level 2
Maiatzaren 17a, Homofobiaren Aurkako Nazioarteko EgunaEAEko gazte gehienak sexu bereko pertsonen arteko ezkontzaren aldekoak dira, baita sexu aldaketa legalaren aldekoak ere.
Homofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Gazteen Euskal Behatokiak datu berri batzuk aurkezten ditu gai honi buruz. Datuok 2012ko martxoan EAEko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen laginari egindako inkesta baten emaitza dira. Gazte gehienek auzoan homosexualak izateko eragozpenik ez dutela adierazi arren (%86), oraindik gazteen %11ri axolako litzaieke homosexualak (gay edo lesbianak) auzokide izatea. Homosexualak 2010ean baino pixka bat gutxiago errefusatzen dituzte gazteek orain, baina, hala ere, ez 2000 eta 2008 urteen artean bezain gutxi.
Are txikiagoa da, bestalde, homosexualitatea gaixotasuna dela eta horrela tratatu behar dela uste dutenen ehunekoa: %88 ideia horren kontra daude eta bakarrik %6 agertu dira alde. Azken balorazio hori pixka bat zabalduago dago gizon gazteen artean (%8) emakume gazteen artean baino (%5) eta horrekiko adostasunak beherantz egiten du adinean gora egin ahala: 20 urtetik beherakoen artean %7 daude ados, 20 eta 24 urte bitartekoen artean %3 eta 25 eta 29 urte bitartekoen artean %2 soilik. Espainiako estatu osoan zertxobait handiagoa da iritzi horrekin ados dauden gazteen ehunekoa eta, EAEn ez bezala, homosexualitatea gaixotasuntzat jotzen dutenak areagotu egiten dira gazteen adinak gora egin ahala.
|