Bederatzi hilabete eta 40.000 itsas-mila bete behar izan ditutzte parte hartu duten sei ontziek. Datu askotxo pilatu dira estropada hau interesgarri egiten dutenak gehienak. Horiek ezagututa Volvo Ocean Race estropada hobeto ezagutuko dugu.
Ia 40.000 itsas-milako lasterketa izan da, bira osoa munduari, bederatzi hilabete. Kirol-ekitaldirik luzeena, sei belaontzi, 60 itsas-gizon eta hamaika kontu, istorio eta bitxikeria kontrastez beteriko lasterketan.
Muturreko baldintzak izan dituzte: ontzi barruan izan zitzaketen 6 gradu edo 50. Barealdi aspergarri eta gogaikarriak, zein hamar metroko olatu erraldoi eta arriskutsuak. Ontzi barruko bizitza ez da erraza eta ez itsasoaren egoeragatik soilik. Ahal bezain arinen egiteko eskifaiako kide bakoitzak 6 kiloko poltsa bat besterik ezin du eraman, aldatzeko arroparik ez, ia-ia. Janik ere ez, liofilizatutako elikagaiak besterik ez. Itsasoko ura gezatu behar izaten dute. Ontzian ez dute ez eserlekurik, ez mahairik. Ohaska sinple batzuetan egiten dute lo, lo egiten dutenean, lau orduko nabigazio txandak askotan ezin baitira errespetatu.
Baldintza egokienekin benetan azkarrak dira Volvo Ocean Racen parte hartu duten sei ontziak. Markak etengabe ontzen aritu dira. Iker eta Txabiren ontzia azkarrenetakoa izan da eta beraiek ezarritako abiadura marka itsas-mila bat ondu du Camperrek: egin betean, 24 orduan, 566 itsas-milia egin zituen Camperrek, 1047 kilometro.
Zer ikuskizuna! Ozeanoan bakardadean egon arren ontziak, urrutitik eta zuzen-zuzenean gora-behera guztiak jarraitzeko aukera eskaintzen du itsas-lasterketa honek. Irudiak ere fresko-fresko ailegatzen dira. Mila milioitik gora ikusle izan ditu eta bertatik beratara ikustera ere jendetza bildu da portuetan. Galwayen aurreko aste luzean miloi batetik gora izan dira bisitari eta Irlandako herri honetan geratzen den dirutza 100 miloi eurotik gora.