Euskadinet
| Advanced Search | Guided search

Docutec

Level 3

Imprimir
estrella gris estrella gris estrella gris estrella gris estrella gris
  • 2008/09/24
  • Author: Alex Iturrate
  • Number: 396374
  • Learning objectives: Irakurriaren ulermena
    • Trebetasunak
  • Dialect: Batua
  • Number of visits: 3000

Komodo uhartea, itsasoko paradisua

UNESCOk 1991. urtean izendatu zuen ofizialki Gizateriaren Ondare Komodoko Itsas Parke Nazionala. Parke hori 132.000 hektarea bada, eta beraz, babestutako gunerik handienetakoa da munduan.

Uhartea Ozeano Indiarraren eta Barearen artean dago: inguru horretan irla ugari bada, era askotakoak gainera, eta horko ur-korronteen, olatuen eta haizearen eraginagatik oso emankorra da kostaldeko eta itsaspeko habitata.

Zergatik ezagutu behar den
Asiako hego-ekialdean dago Komodoko Parke Nazionala (75.000 hektarea). Oso interesgarria da, eta denetik dauka Bali uhartetik ekialdera jota 300ren bat kilometrotara dagoen parke honek. Era askotariko animaliak dauzka, eta bertan egonkortu da munduko muskerrik handiena, Komodoko Musker ezaguna, Varanus komodoensis.

Parke honen itsaspekorik bezalakorik ez dago, bertan ur-korronte indartsuak baitabiltza eta upwellings izenekoak ere bai: azken hauek itsasoko hondotik ur azalera gai elikagarriak eramaten dituzte, eta horrenbestez, fauna aldetik espezie anitz dauzka eskaintzeko parke honek. Bada besterik ere. Asiak ez bezalako fauna eta flora ditu Australiak, baina bada gune bat batetik eta bestetik dituena, trantsizio gune bat, Wallacea izenekoa. Eta hortxe dago parkea, gune horren hegoaldean. Beraz, itsaso zati horretan animalia desberdin ugari dago, eta hain ugari ezen itsasoko faunan aditu direnek munduko itsas gune emankorrenetakotzat daukaten, interesgarrienetakotzat.  Manta-arraiak badira hor, karanjido saldoak, hegalaburrak, dortokak, barrakudak. Arrain txikiagoak ere badira dezente: itsas zaldiak, nudibrankioak, pigmeoak, pailazo-arrainak, krustazeoak. Ikustekoa da itsas azpi horretan igeri egitea!

Komodo uhartean mangleak basoak osatzen ditu, algak zelaiak, koral aldatu edo ukitu gabeak arrezifeak... Horiek dira uharteko habitat garrantzitsuenetakoak. Eta arrezifeek osatzen dituzten hormak hain desberdinak dira euren artean, horrenbeste koral mota dago, horrenbeste tontor urpe horretan!. Baina badira badia lasaiak ere, sakonera txikikoak, itsaspeko argazkilarien gozagarri.

Komodoko dragoia
Dragoi hau (Varanus komodoensis) lurreko animalia da, haragijalea, eta gure planetako narrastirik handiena. Igerilari aparta ere bada. Historiaurrean du jatorria, baina 1912. urtera arte ez zen ezagutzen.

Atzaparrak ikaragarriak ditu, zerra gisako hortzak, eta haragijale amorratua da. Abiadura bizikoa, orduko 24 kilometro har ditzake. Koska eginez gero, ahoan duen bakterio birulento bati esker mugitu ezinda utziko du harrapakina.

Dragoi hau 3 metro luze izan daiteke, eta 200 bat kilo pasa pisatu. Ez baitu itxura "adeitsua" inondik ere, eta ahoarekin egiten duen hotsa, kraska-kraska, ere izugarria baita, agian horregatik eta betidanik iradoki die marinelei hainbat eta hainbat elezahar. Elezahar horietan dragoiek  sua jaurtitzen dute ahotik eta Indonesiako uharteak zelatatzen dituzte.

Parkean badira eskarmentu handiko basozainak, rangers izenekoak, eta haiekin joan daiteke Komodoko dragoiaren habitata ezagutzera. Baina dragoia ez da animalia bakarra. Badira saguzarrak, Sunda oreinak, bufalo basatiak, basurdeak, zaldiak eta hegazti exotikoak ere.

Nola iritsi
Asian hiriburu handi asko daude, eta bertatik Balira doazen hegazkin ugari. Baliko Dempasar aireportutik Bimaraino joango gara. Bima sartaldeko Nusa Tengaran dago, eta handik abiatuta iritsiko gara Komodora.

Komodo ezagutzeko erarik erosoena itsasontzi bat hartzea da. Badago non aukeratua. Interesgarriena ezagutzeko 7 bat egun beharko ditugu. Normalean urpean igeri egiteko asmoarekin joaten da jendea, baina jenderik gabeko hondartzak ere hantxe daude zain, eta patxada ederrean eguzkia hartu nahi duenak, eta bertako paraje zoragarrietan argazki ederrak atera, badu non gozatua!

 
 

Comments
Login for comment

You may be interested