DocutecosasunLingua, larrialdietako osasun-laguntzarako sistema eleaniztuna¹Donostia Ospitaleko Larrialdietako Zerbitzuan goiz konplikatua izaten ari da. Istripu larriak gertatu dira Gipuzkoako zenbait errepidetan eta ospitaleko larrialdietan espero dituzte zauritu gehienak. Jose Ramon Aginaga larrialdietako zerbitzuko atalburuarekin egin dugu hitzordua, estreinatu berri duten sistema berriaren gainean jarduteko. OsasunLingua da sistemaren izena, eta larrialdietako osasun-laguntzarako tresna eleaniztun erabilgarri eta interesgarria da.
Formazioa eta komunikazioa dira osasunLinguaren sorkuntzaren oinarri eta helburu nagusiak. Ikasleen formaziorako sortu bazen ere, gaur egungo gizarte eleaniztunean, osasun-zerbitzuetan sanitarioaren eta paziente atzerritarren arteko komunikazioa errazteko erabilgarria eta erakargarria da oso. Igaro dira hiru urte J. R. Aginagak osasunLingua proiektua abiatu zuenetik, "2007an hasi ginen sistema lantzen. Batez ere ikasleen formazio-beharrei erantzuteko sortu genuen, irakasteko sistema bezala. Gero barruko mediku egoiliarrekin ere erabiltzen hasi ginen, gaztelaniaz eta euskaraz, eta ikusirik tresna honek potentzialtasun handia zuela, erabaki genuen beste zenbait hizkuntzatara itzultzea". Hori eginda, egitasmoaren bultzatzaileek aplikazio informatiko bati esker, Osakidetzaren webgunean jarri zuten, intranetean, bertako langileentzat eskuragarri. Osakidetzaren intranetean eskuragai Material guztia Osakidetza.net/intranet/ atarian dago, 12 hizkuntzatan: euskara, gaztelania, frantsesa, italiera, errusiera, errumaniera, portugalera, alemana, txinera, poloniera, arabiera eta ingelesa. Fitxategi oso erabilgarriak dira eta samur eta sanitarioek pazienteekin eroso erabiltzeko modukoak,larrialdietako zerbitzuetan zein ospitalizazioko unitateetan. Aginaga medikuak zenbait kasu praktikoren berri eman digu: "Orain hilabete pare bat kamioi-gidari errumaniar bat iritsi zen barneko odoljario larriarekin, hil edo biziko kontua. Odola sartu behar izan genion, eta osasunLinguako fitxategia erabili genuen elkarrekin komunikatu eta ulertzeko. Zorionez, onik atera zen kamioi-gidaria eta pozik sanitarioak. Fitxategiak galdetegi osatua du, eta guk euskarazkoa erabiltzen dugun bitartean, pazienteak galdetegiaren galdera berak ditu ordena berdinean, baina bere hizkuntzan; kasu honetan errumanieraz". OsasunLingua egitasmoa aitzindaria da Europan. Testuliburua oso teknikoa bada ere, herritarrentzat oso ulergarriak diren galdera eta erantzunak ditu. Guztira 70 orriko fitxategia dauka, arloka banatuta, eta osasun-arazo ia gehienei erantzuteko txostenekin. Fitxategiak pdf formatuan daude, eta erabiltzaileek edozein tokitatik deskargatu ditzakete. "Esaterako, Donostia, Eibar, Bilbo, Santurtzi, Gasteiz, Biasteri edo beste edozein tokitako ospitale edo lehen mailako arretako zentro batean dagoen sanitario batek fitxategia erabili nahi badu, oso erraz eskuratu ahal izango du: Osakidetzako intraneteko tresnetan aurkituko du, eta behar duena aukeratuta inprimatu besterik ez du egin beharko". Esan bezala, arloka daude sailkatuta gaiak: sintoma kardiobaskularrak, dermatologikoak, digestiboak, endokrinologikoak, ginekologikoak, neurologikoak, genitourinarioak, oftalmologikoak, osteoartikularrak, otorrinolaringologikoak/maxilofazialak, psikiatrikoak eta arnas sintomak. "Era berean, aurrekari pertsonalen atal bat ere aurki daiteke fitxategian, edoskitzearen gainekoak, miaketa fisikoari buruzkoak, gomendio orokorrak, anatomiarekin lotutakoak... Ondo baino hobeto eratutako fitxategia da", gaineratu digu Aginagak. Sari ugari jaso ditu Hain da osatua Osasun Lingua ezen dagoeneko zenbait errekonozimendu eta sari jaso baititu. Besteak beste, 2007an II. Joanes Etxeberri Lehiaketan lehenengo saria eskuratu zuen, Donostia Ospitalean euskara sustatzearen, zabaltzearen eta erabiltzearen alde egindako lan onenagatik. Era berean, Jose Antonio Agote Lehiaketako 2008ko edizioan, lehenengo saria eskuratu zuen; Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak (OEEk) antolatuta, osasun-munduarekin zerikusia duten euskarazko ikasketetan dagoen testu-hutsunea arintzeko helburuarekin egindako lan onenagatik eskuratu zuen saria osasunLinguak. Ezagutzera emateko asmoa Gaur egun egitasmoaren bultzatzaile nagusiaren asmoa da ahalik eta gehiena ezagutzera ematea, Osakidetzan hedatzea eta sanitarioek eguneroko tresna gisa erabiltzea. "Osakidetza barruan erabiltzeko oso tresna dotorea da, eta gure asmoa da jendeak eguneroko lanean ahalik eta gehiena erabiltzea". Mementoz, Osakidetzaren webguneko intranetean daude fitxategiak, baina Aginagak ez du baztertzen beste erabiltzaile batzuengana zabaltzea. "Zergatik ez! Bi urte hauetan egindako lanak ahalik eta hedapen handiena izatea izango litzateke egokiena; beste leku batzuetako osasun-zerbitzuentzat ere oso aproposa izan daiteke. Katalunian, esaterako, etorkin-komunitate handiak dituzte, eta aukerakoa izan daiteke bertako osasun-zerbitzuentzat". OsasunLinguaren sorkuntzan eta ekoizpenean, besteak beste, Donostiako Akting ingeniaritzak, Mediker-ek -Gipuzkoako ikerketa eta garapen biomedikoaren sustapenerako elkarteak- eta Ugame-k -Donostia Ospitaleko Larrialdietako medikuen elkarteak- laguntza handia eskaini diote Aginaga medikuari. Testua: Gorka Etxabe (Arteman Komunikazioa) Argazkiak: Josetxo Arantzabal ¹ Nahi izanez gero, artikulu honi buruzko ariketa-sekuentzia badaukazu Osatuz webgunean egiterik, bilatzailean 493556 idatzita |