Euskadinet
| Advanced Search | Guided search

Docutec

Jon Mirande

Mirande eta bereziki "Haur besoetakoari" buruzko erreportajea. Eleberria nola idatzi zuen, argitaratzeko arazoak eta gaia aipatzen dituzte. Bestalde, egilearen ideologia eta horren ingurukoak aipatzen ditu Azurmendik bereziki.

3. zinta / 01.53.44

Transcription:[+] Transcription:[-]

Hasier Etxeberria: Joxe Azurmendi, gure pentsalari oparoenetako bat izanen dugu gaur elkarrizketan. Berak idatzia da Euskal Herria krisian. Gure adituek Javi Cilleroren Hollywood eta biok aztertuko dute, baina lehengo astean emandako hitza betetze aldera, protagonista nagusi bat gaur gurean: Jon Mirande. 

Ezohiko bideetan jardun zuen berak, estilo beltzeko lanak idatziz eta bazterreko pertsonaiak protagonista bihurtuz. Askoren gogoa irauli zuen lana ere argitaratu zuen: Haur besoetakoa. Hogeita hamar urte joan dira handik hona baina oraindik ere irakurlearen jakin-mina pizten du. 

Txomin Peillen: Haur besoetakoa dela-eta, nola sortu zen berak idatzi zidan Mirandek, eta horrelako karta bat jaso nuen behin, eta horretan ezagutu nuen Haur besoetakoaren gizona, gizona aipatzen baita, gizon hori ez da Mirande, beste bat, eta idazten dit: "Arratseko bederatzietan frantses lagun bat…, baina gurekin egon ahal zaitezke". Eta orduan ikusi nuen sartzen gizon bat, gaztea, eta Lartzaundar familia nobleetakoa zena, eta kontatu zidan bere historia. Eta historia zen Theresaren eta gizonaren historia. Eta nola Mirandek ere izan zuen horrelako esperientzia bat hamabost urtetako neska batekin, eta pentsatu zuen bazuela… horrelako gauza bat idatzi, horrelako maitasunezko eleberria. 

Joxe Azurmendi: Nobela honen oinarria, nire ustez, batez ere da… Mendebaldeko morala, etika, kuestionatzen zuen Mirandek, eta kuestionatze horretatik sortu da nobela hau ere, kristautasuna abandonatu egin nahi da eta bere lekuan beste mitologia bat hartu nahi da, batez ere. Kritikatzen dena da artaldeko morala eta kristauak eta euskaldunok artalde bat bihurtuta gaude, artaldeak egiten duena egiten dugu, eta nobelak orduan planteatzen du ezohiko gizonaren edo artistaren edo nahi den bezala ulertu, ezohiko gizonak, berak bere baitatik eta ez esaten diotenetik garatu behar duen morala. Hau da nobelaren oinarria eta hau da baita ere nobelaren gaia, funtsez.

Andolin Eguzkitza: Jon beti sentitu zen, alde batetik, Frantziako estatuaren funtzionarioa zen neurrian, askotan protestatu egiten zuen horren kontra, estatu horrek hertsatua, eta beste aldetik, berarentzako askatasuna zen askatasunaren esperantza eta tokia zen Euskal Herria berriz, hemengo giro hertsi eta zelanbait moralki errepresoreak, zelan da…, txikitua, orduan, hor izugarrizko ezinegona sortzen zitzaion berari.

Peillen’dar Txomini. 1959, otsailak 1: 

“Aipatu nizun ipuina bukatuxeri dut, garbitan ipintzen ari naiz orain, eta hamar bat egunen bururako eginik duket, luze samarra da, Alos-Torrearen einekoa gutxi gorabehera, eta gaia oso berezia: maitasun-kondaira bat, 30 urteko gizon baten eta 11 urteko nexka baten elkar maitatzea kontatzen duena, hots, euskarazko Lolita bat, nahiz ez dudan zoritxarrez Navokoven lanegina irakurri ahal izan. Mitxelenari bi hitz esan diot hortzaz, eta erantzun dit aldizkarian publikatzeko ahaleginak egingo dituela, baina beldur naiz ezin ditekeala, zati zenbait aski erotiko baitira, nahiz funtsez oso garbi eta sentimentala den.”

Joxe Azurmendi: Eman dezagun pedofilian izan ziren… ez da lehenbiziko aldiz idazten dela pedofiliaz, eta latinoek idatzi dute, Grezian idatzi da, ingelesez bada Lewis Carroll bezalako paidofilo famatu bat, eta gainera 14 urtetako nexka batekin ezkondu zen. Horrelako kasuak baditugu, eta Lolita Navokovena ez dut uste Miranderekin, geroztik irakurri baitut, ez du ezer ikusteko, Navokovena zeharo sentsuala da, ez du horrelako mezu bat, Miranderen mezua bezalakoa, desberdina da.

Andolin Eguzkitza: Ba nik uste dut hor lehen… hori nik baino hobeto Gabriel Arestik esan zuela, eta nik uste dut hori dela.... Berak horrela azaldu zuen eta ez nuke nik hoberik asmatuko orain, gutxi gorabehera, e, zera dela, askatasun …. baten defentsa.

Joxe Azurmendi: Ba urte horietan ez da oso erraza gutxienez entzun gabe edukitzea Navokoven Lolita, zeren alemanez behintzat orduan itzuli zen, hau idazten ari zen momentuan, eta pentsatzen dut frantsesera ere orduantxe itzuli zela hori. Beraz, prentsan zegoen, hainbeste arrakasta zeukan, eta, beraz, entzuna izango zuen baina bestetik egia da beti aipatzen dela Lolita, baina Lolita oso gauza diferente bat da, ez dauka zerikusirik, nire ustez ez dauka zerikusirik, baina  momentu horretan, hain zuzen, bai Navokov, bai existentzialismoa Europan, ari ziren hain zuzen etikaren eta pertsonalitatearen problema planteatzen.  Simone de Beauvoir dago hurbilago nire ustez Frantzian, eta Simone de Beauvoirrek bai, bilatzen du hain zuzen emakumeak emakumetasunetik garatu behar du bere etika, eta pertsona bakoitzak hori egin behar du, bere baitako izaeratik garatu behar du etika, ez dago beste etika unibertsalik edo. Orduan pentsamendu hori momentu horretan Europan oso presente dago. Orain, ni, hala ere, ustetan nago Mirande dela hori nobelan berak egin duen moduan, planteatu duen lehena, alde horretatik, bera da iturri bat. 

Peillen’dar Txomini, 1959, martxoak 24: 

“Mitxelenaren gutun bat hartu berri dut. Goraipuak egiten derauzkit ene ipuin berriagatik baina ezin publika eraz dezakeela borobilki erraiten deraut, bertzela, akabo aldizkaria. Andimari igorri deraukiot eija Amerikan argitaratzeko biderik antzemanen duenik. Irigarayk ere idatzi deraut eta hari ere gustatu omen zaio, baina ezin publika ditekeela hark ere diost, hainbat gaizto euskal publikoarentzat.”  

Joxe Azurmendi: Bereziko nuke narratiba, hori nobela psikologiko bat da, axala, eta askotan beharbada horretan gelditzen gara. Gero dauka bigarren maila bat non sinboloekin operatzen duen, Theresa sinbolo bat da, gizona sinbolo bat da, eta musika-zaletasuna, esate baterako, sinbolo bat da, ardoa sinbolo bat da, etc., hor nobelan daudenak, eta gero hirugarren maila batean dago benetan filosofia baten azalpen kasik sistematikoa dago, eta beraz, filosofia hau, hirugarren maila batean adierazten dena, nobela horretan bakarrik adierazi digu Mirandek, beste inon ez,  beste toki guztietan zatika adierazi du, baina osoki inon ez. 

Aurelia Arkotxa: Bada hitz bat biziki inportantea Haur besoetakoan, da Sinbol, Sinbol, horrela. Eta da Theresa, adibidez, sinbol bat dela. Nolabait emazte itxura horiek dira ere sinbol batzuk eta nik erran nezake hor hartuz, badira bi emazte, egiarra, Isabela, eta neskamea. Eta gero bada Theresa, baina nik Theresa, ez dakit, emazte-emazte bezala osoki ikusiko dudan.

Joxe Azurmendi: Nik bereiziko nuke Haur besoetakoan, lehenengo, inportantea da, protagonista gizona dela esatea, alegia, izenik ez dauka, gizona da. Eta hori oso inportantea da sinbolo gisa ere, eta berdin, bigarren protagonista, esan dezagun, Theresa, baina Theresa da, hain zuzen, bueno, neska gaztea eta hori…, Theresa da ez emakumea, eta hori da, esan dezagun, emakume positiboa eta rol positibo bat daukana, balio sinboliko handi batekin. Eta gero, emakume-emakumea, Isabela, haragia eta…, beraz, dena negatiboa da. Nobela horretan, esan dezagun, emakumea bera da negatiboa, ala, zalantzan jarriko nuke, ala gure kulturan emakumeak konplitzen duen rola da emaztearena, amarena eta abar, da negatiboa, eta hau seguru negatiboa da. 

Ibiñagabeitia’tar Andimari, 1959, uztailak 1: 

“Eskerrik asko zure eskutitz onagatik. Irakurri duten bakanetatik zeu bakarra izan zara ene Haur besoetakoa ebazteko eta ulertzeko ahaleginak egin duzunik. Besteok goraipu batzu igorri dizkidate, bai, baina ezbai muturretatik zetozenak bakarrik. Geroago eta konturatzen egon naiz gauza pixka bat sakonak euskaraz eta euskaldunentzat idaztea 'margaritas ad porcos' emaitea dela.” 

Andolin Eguzkitza: Benetan hortik gero sortu da, badakizu, batzuk dioten tontakeria hori, ba ez dakit, ba Mirande maite izan dugula, ez dakit ba, faxista zelako edo horrelako gauzak. Ez, Mirande maite izan dugu Borges maite daitekeen moduan, edo Céline maite daitekeen moduan, oso idazle ona zelako, hau da, hizkuntzaren bidez benetan plazera sorrarazteko gauza zelako, eta nire kasuan, eta seguru asko askotxoren kasuan, eta prosan batez ere, prosa klasikoa ezagutu baino lehen, hori izan zen benetan, nik uste dut, mugarri bat. 

Joxe Azurmendi: Bere aurka sortu diren ipuinak ere, edo mitoak eta gezurrak, faxista dela eta, badute beren egiaren partea, edo misoginoa zela, edo emakumearen etsaia zela eta, badute beren egiaren partea, baina horrela bakarrik esanda, nire ustez faltsifikazioak dira. 

Etxaide’tar Joni, 1959, abuztuak 27: 

“Nik ere liburu bat idatzi berri dut gure sormintzoan, maleruski, ezin izan dut publikaerazi, moralaren aitzi zelakoan, egia da paidofilia erotika delakoa zukeela gaitzat euskaldun izpiritu hertsientzat, baina dena dela, ene negarrez idatzi izan nuen, ez bitxi izaiteagatik, eta uste dut funtsean garbia zela, baina ongi dakust inork ezin dezakeela euskaraz izkiria ez bada katoliko konformistenetatik, ni ez naiz horrela.”

Txomin Peillen: Erran nezake beharbada Haur besoetakoa dela haren testamentua, azken ordeinua, eta hor esplikatzen du zer amestu zuen Euskadirentzat, latina, griegoa, filosofo zaharrak, eta ez bakarrik hori ezagutzea, urrungo Indiako kultura eta eman dezagun Iparraldeko kulturak ere bai, eta Greziakoak ere bai, eta Mendebaldetik ez zela heriotza baizik. 

Joxe Azurmendi: Miranderekin gertatzen dena da irla bat dela arrazoi askorengatik, berak zeukan pentsamenduarengatik, bere izaerarengatik ere bai, seguru asko, baina baita bere formazio paristarrarengatik, baina nik uste dut Parisen bertan ere irla bat zela, zeren bere iturriak neurri handi batean alemanak dira eta gaitzetsiak dira, esan nahi dut, gerra bukatu da, alemanek (naziek) gerra galdu dute, eta jada gaitziritzita daude, edo kondenatuta daude, hainbat autore aleman, eta justu autore horiek, Frantzian inon baino gehiago kondenatuta esan nahi dut. Eta justu autore horiek izango dira Miranderen inspiratzaile handiak. Orduan, Mirande gelditzen da Parisen bakarrik, Parisen euskaldun bezala egonez, Euskal Herritik urruti, eta euskaltzaleen artean bakarrago oraindik, eta alde horretatik Miranderen obrak gelditzen da gure literaturan irla bat erabat. 

Andolin Eguzkitza: Gainera, nik uste dut hor badagoela Miranderengan gauza bat argia, eta da berari ez diola axola irakurlea, bera idazlea da, bera bere buruaz idazten ari da, berak idazten duenean dudarik gabe berak plazerez idazten du, eta inongo zerarik gabe, hor jartzen du berak barruan daukan guztia, eta nik uste dut zentzu horretan Sarrionandia eta Atxaga eta Joxemari Iturralde eta mundu guzti horrek, eta lehenagotik jada Aresti, horren alde saiatzen ari zirela, ezta, alegia, literatura egitearen alde pentsatu gabe… euskal literaturan hainbeste egon dena, ba ez dakit, fedea zabaltzeko ote zen, fede erlijiosoa edo fede politikoa egiteko ote zen edo ezertarako ez, ezta? 

Joxe Azurmendi: Mirande tipo arraro bat da, edo gu gara harekiko arraroak. Alde batetik, miresmen handi bat daukagu eta beste alde batetik badirudi ez dakigula oso ongi berarekin zer egin, zeren alde diskutigarri asko dauzka, edo eztabaidagarri asko dauzka, faxista dela…, ez dakit, edo emakumearekiko bere ikuspegia oso negatiboa dela, edo morala ere desastre bat dela… dena dela, berdin da, Mirande oraindik ere gai delikatu bat bezala daukagu, nahiz eta idazle bezala denok miresten dugun. 

 

Lainoak. Ihes egiten dute goizero, arduragabe, pasioari eta sofrimenduari bizkar emanda. Noraezean dabiltza etengabe hiri batetik bestera. Ez dakite ezer, aberririk ez dutela, atzerriak dakarren minaz.

(Mikhail Jurievitx Lermontov)

 

Interesatzen zaizu
  • Haur besoetakoa

    Level 3

    0
    Number of comments
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa

    Haur besoetakoa

    Theresa neskatilak ez du gurasorik, eta osabak hartuko du bere ardurapean. Biak bidaia luze batean sartuko dira. ...[+]

    Irakurgai Mailakatuak - Mar 20, 2013 - 753 Visits
  • Jon Miranderen Haur Besoetakoa eleberria

    Level 1

    Irakurriaren ulermena
    0
    Number of comments
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa

    Jon Miranderen Haur Besoetakoa eleberria

    BILBO ZAHARRA euskaltegiko ikasle-irakasleek "Klasikoen irakurraldi etenik gabea" antolatu ohi dute urtero, ikasturtearen amaieran, euren "Ikasleen jaia" ospakizunaren baitan. Ekimen hau duela bi urte hasi zen eta Axularren Gero liburuaren irakurraldiak eman zion hasiera. Iaz, Mogelen Peru Abarca liburua irakurri zuten eta aurten, berriz, Jon Miranderen Haur besoetakoa izan da ekainaren 16an Bilboko Arriaga antzokian irakurtzeko aukeratutako lana. Jon Mirande maitatua bezain baztertua izen zen idazlea aurkeztuko dizugu sekuentzia honetan eta Haur besoetakoa eleberri polemikoaren berri ere emango. ...[+]

    Exercises - Jun 15, 2010 - 1709 Visits
  • HAUR BESOETAKOA
    0
    Number of comments
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa

    HAUR BESOETAKOA

    Jon Mirande idazlearen "Haur besoetakoa" liburua ari da irakurtzen Saioa. Beti bezala, ordea, bere lagunak ez du bakean utziko. ...[+]

    Animated Stories - Jul 7, 2010 - 1416 Visits
 
 

Comments
Login for comment

| | | | Imprimir | estrella gris estrella gris estrella gris estrella gris estrella gris
Jun 18, 2000
Number: 25400
Source:
Dialect:
  • Nahasia
Duration: 0:16:00
Number of visits: 1099